Euskaraz
Noticias
17 de Febrero de 2018
Etorkizuneko erronkak hausnartu eta gorputz apostolikoa sendotu

Nafarroa eta Euskadiko Jesusen Lagundiaren erakunde guztietatik iritsitako 110 pertsona inguruk parte hartu zuten otsailaren 16 eta 17an Loiolako Santutegian eginiko Topaketa Apostolikoan. Edizio honen izenburua ondokoa zen: «Ibilitako bidea aztertuz, oraina diszernitzeko eta etorkizuna planifikatzeko laguntza gisa». Topaketa osoa diszernimendu ariketa moduko bat izan zen, Lurralde Plataformaren gaur egungo egoera eta aurre egin beharreko erronka nagusien inguruan.

Hasierako agurrean, lurralde plataformako delegatu Jose Javier Pardok topaketa hau Jesusen Lagundiaren beste diszernimendu prozesuen testuinguruan kokatu zuen: Lagundi osoa mundu mailan lehentasun apostoliko nagusiak definitzeko egiten ari den diszernimendua eta Espainiako probintziak bere proiektu apostolikoa berritzeko egiten ari dena. Loiolako Lurralde Plataformak azken urteotan sektore arteko proiektuak martxan jartzeko pilatutako esperientzia ere jaso zuen Pardok.

Ondoren, Patxi Alvarez de los Mozosek Espainiako probintzian proiektu apostolikoa berritzeko hasi duten prozesuaren xehetasunak eman zizkigun. Alvarez de los Mozos probintziako diszernimendu eta planifikazio apostolikorako delegatua da. Azaldu zuenez, aurreikuspenak betetzen badira, orain hasitako ibilbidea 2019ko otsailean amaituko da eta ordurako proiektu berria izango du probintziak. Ostiral arratsaldeko lana amaitzeko, Comillaseko Unibertsitateko Espiritualitate Institutuko zuzendari Jose Garcia de Castrok hitzaldi bat eskaini zuen taldeko diszernimenduak Jesusen Lagundiaren tradizioan dituen ezaugarriei buruz.

Igandean Martin Iriberrik zuzendutako kontenplazio ariketa bat egin genuen. Iriberrik gogorarazi zuen Ebanjelioa «bidezko kausa batzuen aldarrikapena» dela. Ebanjelioen liburuetan Jesusen garaian baztertuak eta gutxietsiak ziren zenbait pertsonai aurkitzen ditugu. Iriberrik ohartarazi zuen errealitate horri buruz egindako analisiak eraman zuela azken batean Jesus gurutzera. Gako horietatik abiatuta, lurralde plataformak —probintzia osoak egiten duen diszernimenduaren testuinguruan— fedearen eta justiziaren arloan jasotzen dituen dei zehatzak zeintzuk diren diszernitu behar du. Igande goizean taldeka lan egin genuen eta ondoren, osoko bilkuran, indar handiz nabarmendu ziren zenbait gai: migrazioen eta lekualdatzeen errealitatea, gizarte desberdintasunak, aniztasuna eta hezkuntza. Barnera begira, partekatutako misioan —jesuiten eta laikoen arteko lankidetzan— sakontzeko beharra ere azpimarratu zen.

Urtero bezala, Loiolako topaketa hainbat lagunekin berriz ere elkartzeko eta Jainkoari honaino egindako bidearengatik eskerrak emateko aukera izan zen. Antolatzaileek aurkitu zuten aisialdirako tarterik ere egitarauan: Iruñeko San Ignazio Ikastetxeko Loyola Magis orkestrak kontzertu gogoangarria eskaini zigun basilikan ostiral iluntzean. Ekitaldi hau gainera orkestraren fundatzaile Javier Saguesi egindako omenaldi hunkigarri bihurtu zen, bera orain Loiolan bizi dela aprobetxatuz.

Lurralde plataformako delegatuak ostiraleko ongietorrian «nora» eta «zertarako» gindoazen galdetu zuen. «Nora?» galderak erantzun erraza zuen: Loiola elkarrekin topo egiteko lekua da guztiontzat. «Zertarako?» galderari erantzutea aldiz ez zen horren erraza topaketa hasi aurretik, bai ordea topaketa amaitzean besarkada artean elkarri agur esaterakoan: Loiolara guztiok osatzen dugun gorputz apostolikoa sendotzeko bidean mugarri bat jartzera joan ginen.

ARGAZKIAK

CASTELLANO

Volver
Agenda Facebook banner TwitterSuperberria Mensajero Egunean eguneko Ebanjelioa 2018 InfoSJ Jesuitas.es Banner Rezando Voy Magis Radio Banner Ser Jesuita Espiritualidadignaciana
Inicio  -  Contacto  -  Web oficial de la Plataforma territorial de Loyola. Compañía de Jesús - 2018