Euskaraz
Noticias
11 de Julio de 2018
Arturo Sosa SJ: "Serioski ekin diogu Aita Pedro Arruperen beatifikazio prozesuari”

Deustuko Unibertsitateko aretoa betetzen zuten 300 lagunek txalo zaparrada bero batekin erantzun zioten. Ez zirudien Aita Jeneralak halakorik espero zuenik eta harrituta eta hunkituta azaldu zen. Azkenerako utzi zuen berria, hitzaldiaren amaierarako ohar huts modura. Baina bertan zeudenontzat ez zen ohar hutsa. Topaketan parte hartzen zuten pertsona gehienak Loiolako Lurralde Plataformako jesuita eta laikoak ziren, Espainiako Probintziako iparraldeko beste plataforma batzuetako ordezkariekin batera: Arruperen jarraitzaile eta ondorengo sentitzen diren hainbat lagun beraz.

Erronka, orain –esan zuen Arturo Sosak–, Elizari Arruperen santutasuna erakustea da: “gizon santua izan baitzen Arrupe: benetan Kristogan errotua eta misioari emana”. Otoitz egiteko eskatu zuen eta Arruperen debozioari buruz informazioa eskaini dezaketenen laguntza. Prozesuaren hasieran gaude, baina Erromako kardinal bikarioak, Angelo de Donatisek, oniritzia eman du Erromako gotzaindegiak prozesua ireki dezan.

Jakinarazpen horren aurretik, Elizak eta Jesusen Lagundiak dituzten erronka nagusiak izan zituen Aita Jeneralak hizpide hitzaldian. Sekularizazioa aukera gisa ulertzeko proposatu zuen, “automatikoki kristau izatearen zama” kendu eta kristau jarraitzaile izatea norberaren benetako erabaki bihurtzeko. Bigarren erronka bat Vatikano II kontzilioa haragitzea da, Frantzisko Aita Santua egiten ari den bezala. Kultura artekotasunaren eta aniztasunaren alde ere hitz egin zuen, eta baita familia, ezkontza eta sexu orientazio kontuetan jendearen benetako egoeretara irekia dagoen Eliza baten alde. Baita gazteak entzuteko gauza den Eliza baten alde ere.

Lagundiaren ikuspegitik, Kongregazio Nagusiak aipatzen duen adiskidetzea bizitzeko erronka azpimarratu zuen. Eta “gorputz bakar sentitzeko beharrari” buruz ohartarazi zuen 'Lagundiaren gorputza' esaten dugunean ez garela jesuitei buruz solik ari. Pobreen gertutasunean hazteko beharra ere izan zuen mintzagai, “hori baita fedearen eta Kristoren begirada”.

Ikuspegi instituzionalago batetik, partekaturiko diszernimendutik abiatutako planifikazio apostolikoaren beharra azpimarratu zuen. Eta Jesusen Lagundirako bokazioei dagokionez, ohartarazi zuen “Jainkoa dela deitzen duena” eta “guri bere deia entzun dadin baldintzak sortzea tokatzen zaigula”. Kristau bizitzarako bokazioak lortzeko kristau komunitateen kalitatea erabakigarria den bezalaxe, jesuita izateko bokazio berriak lortzeko, elkarte jesuiten kalitatea landu beharko da. Kalitatea diogunean “kalitate apostolikoaz ari gara: hitzez dioguna egitez ere betetzea alegia”.

Castellano

Volver
Agenda Facebook banner TwitterSuperberria Mensajero Egunean eguneko Ebanjelioa 2018 InfoSJ Jesuitas.es Banner Rezando Voy Magis Radio Banner Ser Jesuita Espiritualidadignaciana
Inicio  -  Contacto  -  Web oficial de la Plataforma territorial de Loyola. Compañía de Jesús - 2018